XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Nik? Baina zer diok, kolega? Bizitza guztia ikasten pasako dudala uste al duk? Ez, eskerrikasko.

Nik letrak zopatan jaten ditiat. Eta zer nahi duk esatea?

Balitekek goizegi izatea, hik dioanez, baina niri gustatu egiten zaidak pentsatzea hau edo hura nola egingo dudan, nahiz eta bururatzen zaidan ezer ez egia bihurtu.

Hori duk gutxienekoa. Politena imajinatzea duk. Bestela zer egiten duk hik lotara joan baino lehen?

- Irakurri pixka batean -erantzun zidan jakinpoto nazkagarriaren tonuarekin.

- Azken finean gauza bera duk erantzun nion imitatuz.

Irakurtzen ari haizenean ere ametsetan habil, baina besteei pasatzen zaizkien istorioekin.

Osaba Erramunek esaten dik guztiok daukagula esnai amets egiteko premia.

Orduan sartzeko txirrina entzun zen eta Roberto tximistak egiten zutitu zen.

- Begira, Dani, nik nahiago diat denbora ametsetan ez galdu, zeren bizitza hodeietan pasatzen baduk, egunen batean supituki erori eta muturreko galanta hartuko duk.

Nire aitaren gomendioa duk, porrot egindako negozioetan aditua baituk. Ni ez nauk hik beharreko sozioa, bila ezak hiri bezala haluzinatzea gogoko zaion norbait.

Antzarak ferratzera joateko esan behar nion, baina ordurako bira emana zuen lerroko lehena izateko. Beti ordukoa izan behar du, beti egiten duen guztian lehena izan.